XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenik, deiaren larriak eta ozenak ernarazia, Rip van Winkle-ren antzera aspaldidanikako lozorroan zetzan Euskaltzaindia bera ere iratzarri zen eta, iratzarririk, batasunerako bidean pentsatzen hasi.

Gorago ere jo da, gorengo mailaraino.

Badugu Euskal Unibertsitatea! oihu egin du oraintsu Anaitasuna aldizkariak 323-324garrengoan, Uztarizko azken udaldiko irakastaldiaren ondoan.

Beheraxeago, egia esan, aitortzen ere du, nahiz oraindik ez izan, izateko bidean gaudela bederen: .

Bistan da, Unibertsitate eskea gurean nabarmendu zenez gero (eta ni jaio orduko entzuten zen oihu hori), ez gabiltzala guztiok gauza bat-beraren bila: are gehiago, bat-bederak ere ez duela beti gauza berbera eskatzen.

Bitara har daiteke hori, gutienez, oraindik orain Karlos Santamaria jaunak (ik. Zeruko Argia, 708 zenbakia) erakutsi digunez.

Ederki berezi eta egoki izendatu dituen Unibertsitate horiek hauexek dira: Euskal Unibertsitatea, alde batetik eta Euskal Herriko Unibertsitatea, bestetik.

Hura, dirudienez, zailago date eta urrutiago legoke, azken helburu bezala agertzen zaigunez gero; hau, itxuraz, errazago eta lehenago erdiets dezakegu.

Ez dira gauza bera, ezta alderatzeko ere, baina ez daude elkarren kontra.

Eta, horrexegatik, ez genuke inolaz ere deus egin behar elkarren osagarri liratekeenak elkarren etsai tankeran ager daitezen.

Euskal Herriko Unibertsitatea berehala behar dugu, gerora gabe, eta Euskal Herriko Unibertsitate ofiziala.

Unibertsitate ofizial osoa, bere barruti eta guzti.

Behar bezala jokatzen badugu, ez da Unibertsitate ofizial hau orain dugun bezain etsai izango, makurrenean ere.

Gure ikasle-gaiak, gure ikasleak eta are gure irakasleak horren premia gorrian daude.